Telebista
HORRELAKOA DA BIZITZA
Eguneroko magazinea (2007-2008)
Andoni Aizpuruk gidatu zuen Eitb 1-eko arratsaldean emititzen zen programa. Ikusleengana gerturatu eta eurei interesatzen zaien informazioa jorratzen zuten erreportaje, elkarrizketa eta solasaldien bitartez.
3Komak eta Baleukok elkarlanean egin zuten saioa zen. Iluntzeko Gaur egun albistegiaren atarian emititzen zen, astelehenetik ostegunera, zuzenean, Miramongo produkzio zentrotik.
Karlos Lozanok zuzentzen zuen Andonirekin batera eta Zaloa Mendez izan zen zuzendariordea. Gidoilariak Amaia Mendoza, Jon Artano eta Iban Garate izan ziren; eta erredaktoreak, Amaia Etxeberria, Joxe Arrizabalaga, Koro Astigarraga eta Luisma Laboa. Erreportari, kolaboratzaile eta talde teknikoarekin, guztira 40 lagun inguru izan ziren lanean.
Gure herri eta hirietako gertakizun bitxi eta aipagarrienak zituzten hizpide. Horretarako, Aizpuruk eskarmentu handiko erreportari lantaldea zuen lagun. Agustin Ezenarro, Itxaso Martin, Naroa Iturri eta Joseba Olagaraik osatzen zuten taldea.
Bestalde, Andoni Aizpuruk pisu handiko kolaboratzaile bat izan zuen: Iban Garate. Saioan jorratzen ziren gaien eta aktualitatearen inguruan solasaldi xelebreak egiten zituzten..
Aktualitatea gertutik jarraitzen zuten. Horretarako, Gaur egun albistegiarekin zuzeneko konexioa egiten zuten egunero 20:00etan, ordu erdi barru eskaintzen zituzten albisteen artean aipagarrienak zeintzuk ziren jakiteko. Halaber, egunero hiru solaskide ezberdin informazioaren harian aritzen ziren aurkezlearekin batera.
Euskal Herriko gizartean pisua zuten mintzakideak txandakatuz aritzen ziren eginbehar horretan, Pako Aristi, Juanjo Gabiña, Alberto Irazu, Titika Errekalt, Iart Leitza, Onintza Enbeita, Arantzazu Zugasti eta Sabino Padilla besteak beste.
Fitxa teknikoa
- Ekoizleak: Baleuko S.L., 3Koma
- Iraupena: 45 min.
- Hizkuntza: Euskara
- Estreinaldi data: 2007-10-15
- Generoa: Magazine
- Zuzendaria: Andoni Aizpuru, Karlos Lozano
- Gidoilaria: Amaia Mendoza, Jon Artano, Iban Garate
- Telebista Kanala: Eitb 1
- Publikoa: Familia osoarentzat