Sorgintxulo, urtarriletik aurrera, ETB1en
Ume eta gaztetxoentzako saioa estreinatuko du laster ETB1ek, urtarrilean. Goizeko iratzargailua izango da, izan ere, Euskal Herriko neska eta mutil guztiak euskaraz, mimoz eta umore onez esnaraziko dituen saioa 07:00etatik 09:00etara eskainiko da. Euskal izaera eta ondarea oinarri hartuta, magiaz eta umorez zipriztinduko ditu ETB1eko goizak. Horrez gain, ETB3ko programazioan ere topatuko ditugu saio berri honen edukiak ere.
Hiru pertsonaia izango dira 'Sorgintxulo' saioaren gidariak, nor baino nor xelebreagoa: Zuri sorgina alaia, zuzena eta gozoa da; Tor Magoa apur bat baldarra da, baina denetarik daki; eta Gorritxo galtzagorri jostalari eta bihurriak etxeko txikienak bereganatuko ditu. Zuriñe Hidalgo Hesian musika taldeko eta ETB1eko 'A Ze Banda!' saioko epaileak egingo du Zuriren papera eta, Aitor Bilbaok, Tor Mago ezagunak, bere trikimailu eta magia guztia erakutsiko digu Sorgintxulon.
Ume eta gaztetxoentzako eduki moderno eta erakargarriak eskainiko ditu 'Sorgintxulo'k. Gai piloa jorratuko ditu. Hezitzaileak, batetik; zientziari, osasunari eta euskal ondareari lekua egingo dio. Baina ez dira faltako umorea, lehiaketak, jokoak, marrazki bizidunak, magia...Hartara, marrazki bizidun batetik besterako tartean izango da ikusgai 'Sorgintxulo'. Marrazki bizidun sailen artean, 'Doraemon', 'Banana Cabana', 'Gumballen Mundu Harrigarria', 'Aitamabitxi Majikoak' eta 'Shaun Arditxoa' izango ditugu ikusgai ETB1en.
'Sorgintxulo' saioa eta saioaren pertsonaia nagusiak hobeto ezagutu nahi izanez gero, eskuragarri duzu 'Sorgintxulo' liburuxka. Egunotan Olentzeroren etxean, Mungian, banatuko dituzte.
Egunak umore onez hasi nahi badituzu, ez galdu 'Sorgintxulo', laster, ETB1en!
Eskuratu Sorgintxuloren liburuxka!
Informazio eta bideo gehiago... www.eitb.eus/sorgintxulo