Telebista
AHOTSAK
'Ahotsak' Euskal Herriko abesbatzarik onena aurkitzeko helburua duen saio musikala jarriko du abian irailean ETB1ek. Julian Iantzik gidatuko du, eta Hibai Etxebarria musikan adituaren laguntza izango du programan.
Baleuko ekoiztetxeak eta ETBk ekoitzitako 'Ahotsak'en atal bakoitzean, hiru abesbatza lehiatuko dira Euskal Herriko hainbat txokotan: Elorrio, Bermeo, Gasteiz, Zarautz, Lizarra, Ordizia, Lekeitio eta Hernani. Guztira, hogeita lau abesbatza arituko dira lehian.
Koru bakoitzak bere etxean, esanguratsua eta estetikoki erakargarria den kokaleku batean, bi abesti eskainiko dizkigu. Bozketa bidez, abesbatzetako zuzendariek eta Hibaik aukeratuko dute nork merezi dituen puntuak. Guztia hartuko dute kontuan: abestiaren aukeraketa, taularatzea, afinazioa, arriskatu izana, garapena...
Saio bakoitzean puntu gehien lortu duen abesbatza izango da garaile. Zortzi saioetako irabazleak Donostiako finalean elkartuko dira. Bertan jakingo da nor den 'Ahotsak' saioko koru garailea.
Musikari eta koruei dagokienez, hainbat estilo eta jatorritakoak ezagutzeko aukera izango da. Euskal kantutegi klasikoa, rocka, popa, musika afrikarra, gospela, elizakoa... Denetarik egongo da.