Euskal Herriaren alde, baina Euskal Herritik urrun borrokatutako gudariak
"Kazeta"-n irakurria.
Baleuko lan taldea "Gernikako Batailoia" dokumentala grabatzen ari da. Ekoizpen historikoak, Bigarren Gerra Mundialean ideologia ezberdinez osatua zen gudari taldeak jokatutako papera islatuko du. Maiatzaren 27an Labenne herrian grabatzen aritu da eta irailean euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz argitaratuko dute.
Inoiz ikusi gabeko irudiak, fikzioa, baina baita garaiko testigantza zuzenak ere. Baleuko lan taldea egun hauetan "Gernikako Batailoia" ekoizpena grabatzen ari da. Euskal Herriko pentsamolde ezberdineko gudariek osatuta, garaian Bordeleko portu okupatua libratzeko egin zuten iraultza kontatuko du. Gidoia idatzi duen Franck Dolosor kazetariaren ustez, "sekulan egin ez den bezala sortutako dokumental historikoa" da.
Bigarren Gerra Mundialean, aliatuen alde borrokatzeko Eusko Jaularitzak batailoi bat sortzea erabaki zuen. Gidoilariaren hitzen arabera, gobernua taldea osatzeko ANVkoa zen Kepa Ordokirekin kontaktuan jarri zen. Gehienak abertzaleak ziren, baina sozialistak, anarkistak edo EAEkoak ere talde horren parte ziren.
"Dokumentalak muturreko egoera batean, pentsamolde ezberdinekoek bat egiten jakin dezaketela erakusten du. Iraganeko hausnarketa da, baina gaur egun ere aplikatzen ahal dena", adierazi du Dolosorrek.
Hain zuzen ere, printzipio anitzak defenditzen zituzten gudari horiek "Gernikako Batailoia" osatu zuten. "Izena hautatua izan zen, Gernika faxismoaren lehen biktima izan zelako", gehitu du kazetariak. 1944eko udan Estatu frantseseko parte handia libratu zelarik, taldea Bordelera joaiteko deitua izan zen. Hiria libratu zen arren, alemaniarrek portuaren sarrera okupatua zuten.
Baleukoren dokumentalak sei eguneko borroka erakutsiko du. "Gaiari buruzko aipamenak egin dira, baina orohar gutxi agertu dira. Gernikako izena aipatzean bonbardaketa burura etortzen zaigu, baina kasu huntan Euskaditik urrun gertatutako zerbait kontatuko du", esplikatu du Dolosorrek.
Testigantzen baloreak
Horretarako, garaiko testigantzak bildu dituzte; adibidez, batailoi horretako Francisco Perez Luzarretarena. Gidoilariaren iritziz, batutako adierazpenek baloreak islatzen dituzte. "Gerra bat galdu arren, ez zuten amore ematen eta Euskal Herriaren askatasuna beti buruan zuten", gehitu du.
Istorioa honi esker, "aurrekoek nola jokatu zuten" ulertuko da, baina istorioan agertutako testigantzek gaur egungo egoerara daramaten zubiak eraikiko dituzte. Kazetariak lotura horietako batzu aitzinatu ditu.
Alde batetik, Pointe de Grave askatzen delarik, "azken borrokan parte hartzen duen tenientea Carlos Iguiniz da; Aviron Bayonnais taldeko jokalaria den Aretz Iguinizen aitatxia". Bestalde, dokumentalean Juan José Bilbao ondarrutarra aipatzen da; Bixintxo Bilbao pilotari ospetsuaren aitatxia.
ERREPORTAJEA IURRE BIDEGAIN 2015/05/28
Erreportaje gehiago...